XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hainbeste aldiz pentsatu dut une honetan.

Hainbat aldiz itxaro izan dut une hau eta orain erdi brometan, bi ezezagun bezala mintzatu gara.

Bistan dago Inesek ere bildurra ziola instant honi.

Nik bezala.

Agian, hitz bakoitza pentsaturik zuen aurretik, baina ez du ahal izan deus esaterik.

Nire partetik berriz, ustekabean hartu nau bere hots egiteak.

Hain maite eta hain ezagun dudan Ines urruti sentitu dut.

Agian biok bildurra izan dugu hasieratik harira joateko.

Berak penaz bezala esan du geroarte.

Luzarogoan ihardukiko zuen hitzegiten.

Ordea, nik eten dut solasaldia.

Nik ere gustora ihardukiko nukeen denbora gehiagoz hitzegiten.

Baina bestalde, betidanik dut ohitura telefonoz labur izatekoa.

Gainera, elkarrizketa neronek mozten badut, nolabait ere kartak eskutik ditudala iruditzen zait.

TELEFONOA oraindik eskuetan dut.

Maite dut telefonoa.

Egun osoak egiten ditut inor ikusi gabe.

Orduan leihoak itsitzen ditut.

Inoiz, gauez irekitzeko.

Telefonoa dela bide komunikatzen naiz munduarekin.

Askotan, bakarrik, gehiago ezin dudanean, telefonoari eskua botatzen diot.

Instant batez, duda-mudatan egoten naiz.

Nori deituko? Franziskori? Fernandori? baina azken mementoan plazer hori ukatzen diot neure buruari.

Neure bakardadea dastatzen dut.

Telefonoa ez balitz, hila nintzateke...

Eskuetan dut telefonoa eta pentsatzen dut, hari beltz eta kizkur hori zilbor-este bat dela.